Baserritik zuretzat, zentzuzko merkataritza. Mezu hori daramaten produktuak topatuko dituzu gaurtik aurrera Gipuzkoako harategi eta denda txikietan.
Nor gara?
‘Baserritik zuretzat, zentzuzko merkataritza’ proiektua Covid-19ak sortutako pandemiak areagotutako behar bati erantzuteko asmoz jaio da. Janari eta edari ekoizle eta herrietako salmenta gune txikien elkarlanetik jaio da, Gipuzkoako EHNE sindikatuaren, baserritarren, harakinen eta Edertoren arteko elkarlanari esker hasi gara lehen urratsak ematen.
Partaide guztien artean adostu dugu balio katea, izan ere, batzuetan, hirugarren banatzaile bidezko banaketak errentagarritasun baxua ekar diezaiekete ekoizleei, eta hau ekiditeko ekoizle askok distribuzioa bere gain hartu izan dute: kasu askotan, logistika eta banaketa kostuek zati handia kendu diote hauen errentari, inbertitu behar duten denboraz gain. Proiektu hau, horrelako egoeran topa daitekeen edozein ekoizlerentzako alternatiba izan daiteke.
Era berean, bertako produktuen eskaintza bateratua kudeatuko duen eragilearen hutsunea beteko du proiektuak, hau da, espezializatutako komertzio txiki hauetan bertakoak diren produktuak aurkitzeko arazoak izan dituzte, bertako produktuen eskaintza anitza eta bateratua duen merkaturatzaile gutxi dagoelako. Baina proiektu honen bidez eskaera horri erantzun nahi diogu.
Baserritik Zuretzat, Zentzuzko Merkataritza ekimenak lehengo pausoa izan nahi du erreferente izateko
Bertako ekoizle txikien produktu salmenta gune nagusi bilakatu nahi ditu herrietako salmenta gune eta komertzio txikiak. Bi agenteen etorkizuna bermatu nahi dugu gaur egungo erronka nagusiei aurre eginez eta merkatuaren nahiak asetuz. Froga pilotutik abiatuta, etorkizunean ekoizle eta saltzaile sarea Gipuzkoa osora zabaltzea da ekimenaren helburua.
Proiektuaren helburua katea osatzen dugun elementu guztiok onuradunak izatea da: baserritarra, harakina, dendaria eta eroslea
Baserritar eta merkatari txikien sarea osatzen dugunok, elkarlanaren bidez, soziala, ingurumenarekin errespetuz jokatzen duena, berritzailea eta inguruko sare sozioekonomikoa indartuko duen ekimena bultzatu nahi dugu.
Era berean, Baserritik zuretzat, zentzuzko merkataritza zigilua daramaten produktu guztiak Gipuzkoako landa eremuko baserrietan ekoiztutakoak direla bermatzen dugu. Produktu freskoak nahiz transformatuak aurkituko dituzu proiektu honetan parte hartzen duten merkatarien dendatan: barazkiak, esnekiak, edariak, janari kontserbak....
Horrez guztiaz gain, herrietako merkatari txikien sarea bermatzea da gure xedea, baita Gipuzkoako baserritarren etorkizuna eta bideragarritasun ekonomikoa sustatzea ere, horrela, hurrengo belaunaldientzako zaindutako landa eremua uzteko aukera dugulako.
Comments