top of page
Search
Writer's pictureAdministratzailea

Jasangarritasunari buruz hitz egin dezagun

Jasangarritasunaren eta klima aldaketaren kezka ia eguneroko berrietan aurkitu dezakegu azkenaldian. Zeinen ardura da jasangarritasuna? Nola eragotzi dezakegu klima aldaketa?


Galdera guztien aurrean, gauza bat argi dago: ezin dugu ukatu lurra larrialdi ekologikoaren aurrean dagoenik eta honi aurre egiteko bideak eraiki behar ditugu. Hauen artean, nekazaritza eta abeltzaintza jasangarriak, elikadura burujabetza sustatuko dituztenak.



Klima aldaketa mundu guztiari eragiten dion fenomenoa da. Giza jarduerak sortzen dituen berotegi efektuko gasen isurtzea berotze globalaren, eta beraz klima aldaketaren, eragile nagusienetako bat da. Sistema kapitalistak inposatu duen energia ekoizpen, garraio, industria, nekazaritza eta abeltzaintza eredua eta honekin batera ondasun, zerbitzu zein kultura kontsumo erak ere dira fenomeno honen sortzaileak. Eredu honek irauteko, etengabe eta gero eta gehiago ekoiztea eta kontsumitzea behar du. Honek, denonak izan beharko liratekeen ondasunen banaketa bidegabea eta baliabideen erabateko agortzea eragiten ditu.


Gizarte osoari eragiten dion arazoaren aurrean gaude, eta mundu mailan eta herri mailan aurre egin behar zaio, eragile politiko, sozial eta ekonomikoen bidez baina baita hiritarren aldetik ere. Ardura, beraz, denona da. Honi aurre egitea, garatutako herrialdeetan eta garapen bidean dauden herrialdeetan nagusi den ekoizpen, kontsumo eta kultura ereduak aldatzea da.


Berotze globalak eta hark sortuko duen klima aldaketak, oso ondorio kaltegarriak izango ditu ekosistema naturalen orekan eta, ondorioz, gure zibilizaioaren biziraupenean.


Argi dago gizaki jarduera guztiek berotegi efektuen gasak isurtzen dituztela, baita nekazaritzak eta abeltzaintzak ere. Sektore hau behar bezala garatzeko gai bagara, klima aldaketari aurre egiteko aukera eta eragile izan daiteke. Nekazaritza eta abeltzaintzaren ekoizpen eredua eta aldi berean elikagai kontsumo eredua ditugu larrialdi klimatikoari aurre egiteko gakoak.


Gipuzkoako EHNEk urte asko daramazki lurrari lotutako nekazaritza eta abeltzaintza familiarra eta txikien eredua defendatzen, lurraldeari egokitutako bertako barietateak ekoizten dituena, baliabideen zentzuzko erabilera egiten duena eta besteak beste bertako arrazak estentsiboan hazten dituena. Eredu mota hau ingurumenarekin eta sozialki iraunkorrena dela frogatuta dago, aberastasuna banatzen duelako, jendea landa eremuetan mantentzen duelako, herrien kultur ondareari eusten diolako, kalitateko elikagaiak ekoizten dituelako eta klima aldaketari aurre egiten diolako.


Lehen sektoreak ingurumena eta abere ongizatea zainduz kalitatezko elikagaiak ekoizteaz gain, nekazari eta abeltzainentzat errentagarria izatea beharrezkoa du, bere biziraupenerako eta ondorengo belaunaldiei iristeko. Nekazaritza eta abeltzaintza mota hau garatzeko, ongi elikatzeak nolako garrantzia duen gizarteak kontzientzia hartu behar du.


Laburbilduz, kontsumitzailearen ardura behar da, jango dituen produktuak hautatzerakoan kontzientzia duen kontsumitzailea. Klima aldaketari aurre egiteko, elikadura burujabetzaren kontzeptua garatzeko, janariak ekoizteko eta kontsumitzeko eredu honen alde egitea da denon ardura. Ekoizpena, transformazioa eta elikagai kontsumoa ahalik eta gertuenekoa izatea behar dugu eta erronka honi aurre egiteko asmoz jaio da Baserritik Zuretzat.

3 views0 comments

Recent Posts

See All

Comments


bottom of page